Asociación de Parálisis Cerebral - Elbarritasun Zerebralaren Elkartea
 
ALBISTEAK
04/10/2019Eskubide berak dituztela aldarrikatu dute


Albistearen irudia

Luis Ezeizako ikasle guztiek, Tximeleta gelakoek barne, elkarrekin jolasteko, ikasteko, harremantzeko... eskubidea dutela lau haizetara zabaltzeko, Denok ditugu eskubide berdinak lelopean Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunarekin bat egin dute. Hala, urriaren 2an ospatu duten arren, aste osora begirako ekintzak antolatu dituzte.

Urriaren 2an, eguaztenean, ospatu zuten Luis Ezeiza Herri Eskolakoek Garun Paralisiaren Nazioarteko Eguna. Hala ere, ekintzez beteta, aste osora begirako egitaraua prestatu dute, urtero moduan.

Herri eskolan Tximeleta Gela dago; Aspaceko gela egonkor bat da, eta bertan, garun paralisia edo aniztasun funtzionala duten ikasleak daude. Gaurgaurkoz, lau ikasle daude; hain zuzen, urriaren 2an eta aste osoan zehar, ikasle horiek ezagutarazteko zenbait ekintza egin dituzte.

'Performance'-a patioan

Urriaren 2an izan da ekintza nagusia: Haur Hezkuntzako eskolako patioan zuhaitz handi bat irudikatu dute, 15:00etan hasita, Denok ditugu eskubide berdinak lelopean. Irakasle eta ikasle guztiok batera, lurrean etzanda zuhaitz bat sortu dute, behera begira gaudela, eta Aspacek ateratako Dale la vuelta izeneko spotarekin eta aurtengo leloarekin jokatu dute. Hala, lurretik altxatzerakoan, ikasle bakoitza eskubide batean bilakaturik.

Elkar ezagutuz

Urriaren 2ko ekintzaz gain, astean zehar, Haur Hezkuntzako ikasleek Tximeleta Gela bisitatzeko aukera izan dute. Izan ere, Haur Hezkuntzakoak beste eraikuntza baten daudenez, ez daukate Tximeleta Gelakoekin jolasteko aukera askorik. Beraz, Garun Paralisiaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, denek batu eta elkar ezagutu eta jolasteko aprobetxatu dute.

Ikus-entzunezkoak eta jolasak

Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoek zentzumen jolas ezberdinak egin dituzte Tximeleta Gelakoekin batera eta The Present film laburra ikusi dute. Hirugarren eta laugarren mailetakoek, aldiz, zentzumen jolasak egiteaz gain, gaiarekin lotutako film laburrak ikusi dituzte, eta ostean, bideo-foruma egin dute. Bosgarren eta seigarren mailetakoek, berriz, Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunaren harira, Aspacek ateratako Dale la vuelta izeneko spot-a ikusi eta bideoforuma egin dute, ikusitakoa aztertzeko. Horrekin batera, zentzumen jolasak ere izan dituzte.





(C) copyright 2008 Aspace Gipuzkoa | aspace@aspacegi.org | Illarra bidea nº2 - 20018 Donostia | Tlfnoa.: 943 216 055 - Fax: 943 219 695