Joan den ostegunean, FEVASek “Familian Zentratutako Praktiken Eredu Operatiboa: adibideak, esperientziak eta jardunbide egokirako orientazioak” aurkeztu zuen barne jardunaldi batean. Proiektu zabalago baten barruan diseinatutako Eredua da, eta bi urteko lana eskatu du, hauekin elkarlanean: FEVAS, sei erakunde (Apnabi-Autismo Bizkaia, Apdema, Aspace Gipuzkoa, Gaude, Gautena eta Uliazpi) eta Deustuko Unibertsitatea.
Deustuko Unibertsitateko Natxo Martínezek eta Maria Villaescusak Familian Oinarritutako Ikuspegiaren kontzeptualizazioan eta jardunbide egokien identifikazioari buruz egindako lanean sakondu zuten. Jardunbide horiek familien protagonismoan, lankidetzan eta ongizatean laguntzen dutenak dira. Zehaztu zutenez, Eredu Operatibo horrek lau kategoriatan antolatzen eta sailkatzen ditu: Bideratzaileak, harreman- eta antolamendu-baldintzak sortzen dituztenak; Nuklearrak, Pertsonen Bizitzako Planetan familien lidergoarekin eta parte-hartzearekin erlazionatutakoak; Garapenekoak, Plan Pertsonalei erantzuteko eta antolatzeko balio dutenak; eta, azkenik, Parte-hartzaileak, erakundea inplikatzen dutenak.
Hitzaldiaren ondoren, eztabaida interesgarria izan zen, Natalia Marañón (Aspace Gipuzkoa), Ana Acarregui eta Tatiana Urien (Gaude) eta Josune Martínez (Uliazpi) protagonista zirela. Profesional eta senide horiek hasiera-hasieratik inplikatu dira ekimen horretan, eta ondo ezagutzen dute ekimenaren xehetasuna.
Natalia Marañonek, lan honen izaera praktikoa azpimarratu zuen, “erakundeen egunerokotasunari aplika dakiokeelako”, baita horretan parte hartzeak ekarri duen ikaskuntza-prozesua ere. “Entzun eta beste batzuengandik ikasi dugu, eta beste aukera batzuk ere badaudela ikusi dugu”. Era berean, profesionalen eta familien arteko hurbiltasuna benetakoa dela, eta komunikazioa gero eta horizontalagoa eta arinagoa dela iruditzen zaiola adierazi zuen.