ALBISTEAK
12/01/2023Jolas-parke Inklusiboa Beasain-en


Albistearen irudia

Aspacek aspaldi egin zuen eskaera errealitate bihurtu da; Dolarea jolas parkea, inklusiboa da orain. Egin duten inaugurazio ofizialean izan dira Aspaceko kideak eta Beasaingo udaletxeko ordezkariak Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia zinegotzia.

 

Aspaceko erabiltzeak, barre algara batean jolas parke berriaz gozatu duten bitartean, Beasaingo alkateak azaldu du, «Aspaceren aldetik jaso genuen jolas parke hau egiteko proposamena eta elkarlanean egin dugu». Orain, «denok erabiltzeko jolasak jarri dira eta erabilgarri dago», nabarmendu du Artolak; «ohe elastiko multzoa du –hiru borobil banakakoak, taldetxoentzako karratu bat eta gurpildun aulkientzat moldatuta dagoen laukizuzen bat–, gurpildun aulkien erabiltzaileek gozatu ahal izango duten errotatxoa, eta sehaska itxurako ziburu inklusiboa daude».

 

Dolarea parkearen ondo-ondoan dago Aspaceren egoitza, beraz, «egunerokoan erabiliko dituzten jolasak dira» azpimarra egin du Artolak.

 

Edozein kasutan, jolas gune berriaren helburuak «elkarteko erabiltzaileen beharretatik harago» doazela azaldu du alkateak, «denentzako espazio bat dat, hala, Beasaingo gaztetxo orori jolas eskaintza bereizgarri bat eginez».


Rosa Iglesias Aspaceko lehendakariordea «oso pozik» agertu da jolas parkean jarri dituzten elementu berriekin. Aspacerentzat «oso garrantzitsua» da parke hau, «umeentzako eta familientzako egokia, oso polita, kokapena ezinhobea, gure erabiltzaile guztientzat irisgarria delako», eta gainera, «herriko haur guztiak batera jolasteko eta gozatzeko tokia izango da». Hain zuzen ere, azken horretan indarra egin nahi izan du Iglesiasek: «Ikusgarritasuna eta normaltasuna lortzen da horrela».

 

Itziar Jimenez erabiltzaile baten gurasoak ere horrelako parke batek eurentzat duen «garrantzia» nabarmendu du; «Momentu honetan duten poz aurpegia ikustea baino ez dago, oso pozik gaude».

 

Dolarea jolas parkean elementu guztiak dira pertsona ororentzat irisgarriak. Herrian dauden beste parke batzuetan ere horrelakorik egingo den galdetuta, alkateak erantzun du «ditugun herriko parkeetan egiten ari gara aktuazio puntualak». Izan ere, azken urteetan, egin diren berrikuntzekin, jarri dira.

 

Artolak aurreratu du, «Dolareakoa ez da haur parkeei lotuta burutuko den obra bakarra izango». Trenbide kalean dagoen haur parkeak duen berritze premia ikusita, Dolarea parkean egin direnei batuko zaie. Kasu honetan, gunearen eskaintza txirrista, ziburu, txirrindudun errota eta eskalagarriak diren kubo erako egitura batzuez osatuta egongo da. Jolas parke eraberritu hau otsailean prest egotea espero du udalak.

 

Argazkiak: https://flic.kr/s/aHBqjAnYF1

Albisteak:

https://www.beasain.eus/azpiegiturak-zerbitzuak/4843-dolareak-badu-bere-jolas-parke-inklusiboa

https://goierri.hitza.eus/2023/01/12/inklusioaren-jolas-parkea/

https://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/beasain/jovenes-aspace-estrenan-20230113221105-ntvo.html





(C) copyright 2008 Aspace Gipuzkoa | aspace@aspacegi.org | Illarra bidea nº2 - 20018 Donostia | Tlfnoa.: 943 216 055 - Fax: 943 219 695