Urretxuko Udalak tokiko zaintza ekosistema aurkeztu du udaletxean. Tokiko zaintza ekosistemaren helburua komunitate osoak zaintzaren diseinuan eta zaintzan parte hartzea da. Udalak eskuorri bat bidali du etxe guztietara horren berri emateko, baina aurkezpen publikoa egitea ere erabaki du, herri guztiarengana heltzeko eta guztien parte hartzea sustatzeko.
Ekitaldia Jon Luqui alkateak eta Maialen Fidalgo zinegotziak gidatu dute. Oihana Merino eta Almudena Carrillo teknikariek, Mari Carmen Juaristi erabiltzaileak, Miguel Angel Gomez Aspaceko erabiltzaileen ordezkariak, Eli Arteaga eguneko zentroko koordinatzaileak eta Adinkide fundazioko Josune Toquerok ere hitza hartu dute. Ikusleen artean gizarte arloko elkarte ezberdinetako kideak egon dira: Gurutze Gorria, Elikagaien Bankua, Aspace, Odol Emaileen Elkartea, Mairi, Aterpe…
Luquik 2018an hasi zirela lanean azaldu du. “Behar handiak zeudela ikusi genuen. Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuak indartzea erabaki genuen. Duela 5 urte zaintza hitza ez zen egun bezainbeste entzuten. Orain arte egindako lanaren ondorioz, aurki Aspace Gipuzkoak eguneko zentro berria izango du eta eraikin berean Aspaceko erabiltzaileentzat eta adinekoentzat apartamentuak egingo dira. Azken urteotan, Gizarte Zerbitzuetan biztanleko gehien gastatzen duen udala gara. Hori erabaki politiko bat da. Eta tokiko zaintza ekosistema zuekin eta zuentzat egingo da. Gobernu talde honek martxan jarriko duen proiektu garrantzitsuena da, alde handiarekin”.
Pagoetara joango denetako bat Gomez da. “Aspace Gipuzkoaren helburua aniztasun funtzionala dugunon bizitza hobetzea da. Eta gure bizitza komunitatean parte hartzen dugunean hobetzen da. Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian parte hartzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da guretzat. Inklusioa hobetu du. Udalak eta Aspace Gipuzkoak elkarrekin lan egiten jarraitzea oso garrantzitsua da. Aniztasuna guztiok aberasten gaituen zerbait da”.
Luquik Aspace Gipuzkoaren egoitza berriari esker Gomez Urretxura itzuli ahal izango dela gogoratu du. Izan ere, egun Arrasaten bizi da eta egunero Urretxuko eguneko zentrora etortzen da. “Tokiko zaintza ekosistema sare bat da. Elkar zaintzeko sistema. Beste herri batzuetan kezka bera zuten eta aldundiak erronkari aurre egitea erabaki zuen. Gipuzkoan 14 udalerri gara sistema hau dugunak. Behar gehien dituztenak detektatzen eta zerbitzua hobetzen lagunduko digu. Aurkezpen honetara etorri zareten guztiei zuen inguruan egitasmo honen berri emateko eskatu nahi dizuet. Zenbait jenderi kosta egiten zaio udaletxera etortzera. Horregatik, liburuxka banatzeaz gain, aurkezpena egitea erabaki dugu”.