ALBISTEAK
06/10/2026ASPALAGUN Saria 2026


Aspace Eguneko unerik berezienetako bat 2026ko Aspalagun Aitorpenen banaketa izan da. Aspace Gipuzkoaren bidelagun izan diren eta inklusioaren alde egindako lanarekin arrastoa utzi duten pertsona eta erakundeen konpromisoa aitortzeko sortu ziren aitorpen horiek.

Aurten, Lizeo Santo Tomas, Arizmendi Ikastola eta Rosabel Ausín omendu ditugu,  azken honek 25 urte daramatza Aspace Gipuzkoako boluntario gisa.

Aitorpenak 11:30ean banatu dira, Alderdi Ederren. Lizeo Santo Tomasen izenean Joseba Alkiza zuzendariak jaso du aitorpena; Arizmendi Ikastolaren izenean, Aitor Guridik; eta Rosabel Ausíni, berriz, Aspace Gipuzkoan boluntario gisa egindako 25 urteko ibilbidea aitortu zaio.

Aspace Egunaren hamargarren urteurrenak eta Aspace Gipuzkoaren 55 urteko ibilbideak orain arte egindako bideari begiratzeko aukera ere eskaintzen dutela nabarmendu du Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidenteak.

“55 urte daramatzagu garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien ondoan lanean, eta hamar urte Aspace Eguna gizarte osoarekin partekatzen. Asko dugu ospatzeko, baina baita aldarrikatzen jarraitzeko ere. Guztion konpromisoa behar dugu inklusioan, eskubideetan eta aukera-berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du.

Ibilbide hori elkarlanean egin dela ere nabarmendu du Iglesiasek: “Aspacek ez du bidea bakarrik egiten. Gure ondoan ditugu familiak, profesionalak, boluntarioak, erakundeak eta gurekin elkarlanean diharduten hainbat eragile. Bide horretan gurekin izan direnei eskerrak emateko modua ere badira Aspalagun Aitorpenak”.

Argazkiak: https://flic.kr/s/aHBqjD78WP





(C) copyright 2008 Aspace Gipuzkoa | aspace@aspacegi.org | Illarra bidea nº2 - 20018 Donostia | Tlfnoa.: 943 216 055 - Fax: 943 219 695